Bilbok itun tekno-sozial berri bat lortzeko beharra aztertuko du Bilbao European Encounters topaketaren XXI. edizioan
Datorren apirilaren 3an, Bilbon egingo da Bilbao European Encounters topaketen XII. edizioa, “EUROPAREN ETORKIZUNA GOBERNATZEA: ITUN TEKNO-SOZIAL BERRI BATERANTZ” izenburupean. Bilboko Udalak, BBK Kunak, GLOBERNANCE-k eta AI&Democracy katedrak antolatu duten ekitaldi horretan, Europak gainditu beharko dituen erronka nagusietako zenbait jorratuko dira, Mario Draghiren The future of European competitiveness txostenean azaldutako egoerari dagokionez.
Aurtengo edizioaren helburu nagusia egungo egoeraren funtsezko alderdiak ezagutzea izango da, geopolitikak pisu ikaragarria duen testuinguru honetan, eta baita itun tekno-sozial berri bat eskatzen duten erronkak eta dagoeneko planteatzen ari diren etorkizuneko estrategiak aztertzea ere.
Teknologiak gure bizitza, ekonomia, gizarte eta ingurumenean duen inpaktu sakon eta azkarraren emaitza dira erronka horiek. Adimen artifiziala, automatizazioa, gizarte sareak eta beste berrikuntza batzuk lan egiteko, komunikatzeko eta erabakiak hartzeko dugun modua eraldatzen ari dira, eta, aldi berean, erronkak sortzen dituzte etikaren, lanaren eta pribatutasunaren aldetik. Teknologia horiek modu ekitatibo, seguru eta jasangarrian gara daitezen bermatzeko, ezinbestekoa da gobernu, enpresa eta herritarren arteko akordio bat lortzea, erabilera arduratsua sustatzen duena eta aurrerapen hauekin ager litezkeen arrakala sozial eta ekonomikoak jorratzen dituena.
Horretarako, adituen arteko elkarrizketa mahaiak planteatuko dira, etorkizunerantz begiratzen duen itun tekno-sozial berri batek esan nahi duena aztertzeko –sektore desberdinen ikuspuntutik (akademia-enpresa-herritar antolatuak-administrazio publikoa)–, gaur egun aurrean ditugun bi eraldaketa handien esparruan (twin-transition): ingurumen-ekologikoa eta teknologiko-digitala.
Nazioarteko topaketa hau erronka horien inguruko eztabaida eta hausnarketarako espazio gisa proposatzen da, eta eremu akademikoko, instituzio publikoetako, sozietate zibileko eta enpresetako adituak bilduko ditu, ikuspuntuak eta irtenbideak partekatzeko.
Bilbao European Encounters topaketari buruz
Bilbao European Encounters ekitaldia 2013an jaio zen Europar Batasunaren etorkizunaren inguruko eztabaida aberasteko helburuarekin. Foro hori eztabaidarako espazio moduan finkatuz joan da, akademiakide eta adituek Europako erronka nagusiak aztertzea ahalbidetuz eta herritarren parte hartzea zein ideia trukea sustatuz.
Europako hainbat erronka jorratu dituzten hamaika edizioren ondoren, aurten, Europaren etorkizuna gobernatzeko erronketan jarriko da arreta. Doakoa izango den (aurretiazko izena emanda) ekitaldiaren programa osoa webgune ofizialean aurki daiteke: https://bilbaoeuropeanencounters.org/programa/.